Saltsa askotan ibili den 29 urteko emakume irundarra da Nerea. Txikitatik sormenaz jolastea gustatu izan zaio, “haurtzaro erotikofestibo horretan bizitako energiara askotan jotzen dut nire tailerretan ongi pasatzeko”. Urteak joan urteak etorri, musikaren arloan murgildu zen. Lehendabizi Araiz, gero Kabul eta azkenik formatu serioagoan Zura musika taldeetan ibili da. Ordurako, ikasketa eremu formala alboratu zuen baina Urtxintxan hezitzaile izateko ikastaroa egiten eta lanean hasi zen (baita parrandan), gaztetxean eta Irungo Bilgune Feministan ere inplikatu zen … Gero diseinu grafikoa ikasten eta irudiak sortzen hasi zen. “Grina sortu zidan hark, beraz, ikastea erabaki nuen, batxilergo artistikoa egiten hasi nintzen”. Ondoren Bilbora joan zen Arte Ederrak ikastera. Garai guzti horretan, arte ikasketak terapia alternatiboekin nahasten hasi zen, Arte-terapia, Chi Kung, Yoga, … Honetaz gain, Montessori metodologian trebatzeko ikastaro bat egin zuen ere. Horrek guztiak eraman du Gorapilo Kosmikoa martxan jartzera, “energia guzti horren nahasketa da”. Artea, askatasuna, norbere buruaren eta besteen zain, ezagutza, hausnarketa … eta askoz gehiago elkartu nahi dituen espazio hori ezagutzeko asmoz hurbildu gara berarengana.
Ikasle izatetik irakasle izatera pasatu zara, Gorapilo Kosmikoa espazioa sortu duzu. Zer da hau?
Gorapilo Kosmikoa, haurrentzako planeta-leku-espazio kontzeptuarekin sortutako arte tailerra da. Sormena pizteko asmoz, dinamika ezberdinekin lan egiten dugu. Haur gutxirekin osatutako talde ttikiak osatzen ditugu eta samurtasunaren ukituak garrantzi handia dauka. Baliabide artistikoekin gogoa askatzeko plastika, ikusentzunezkoak, gorputz adierazpena eta musika estimuluak sormenaren garapenerako tresnatzat erabiltzen ditugu. Udaran, astelehenetik ostiralera 10.30etatik 13.00 bitartean, dinamika eta jolas ezberdinak burutzen ditugu, gai ezberdinak jorratuz eta zentzumenekin sentitzen duguna azaleratze bidean eskultura, pintura, marrazketa eta ikus-entzunezko medioak erabiltzen ditugu besteak beste.
Artea eta haurrak. Erabat bateraezinak diren bi gauzez ari garela ematen du, baina zure iazko esperientziak behintzat kontrakoa esaten dizu ezta?
Bai, egia da gauza asko ikasten direla haurren tailerretan … Esaterako, artea sortzen den zerbait baino, artea parte-hartzea bera dela ohartu naiz. Behar bada, helduok, sortzeko prozesuan aurreiritzi ugari ditugu, azkartasuna eta freskotasuna falta zaigu, barne epaiketan itsatsiak bizi gara subkontzienteki bada ere eta finean bukaerako produktuari erreparatzen diogu gehien. Bidean gertatu diren bizipenak saihesten ditugu. Bestetik, esango nuke, arte kontzeptualak ere arau edo estilo jakin batzuk dituela. Aldiz, haurrek momentua bizi dute, espresioaz eta aurreiritzi zurrunik gabe momentua elkarrekin konpartitzen dute. Papera, buztin potoko edo dena delakoaren aurrean, emaitzari sobera ez erreparatzeak eta nortasun anitzak taldean elkarbanatzeak, epairik gabeko espazioetara garamatza. Zer pentsatua ematen du.
Sorkuntza heziguneetatik, baztertua izan den alorra da. Zein ekarpen egiten dio pertsonari?
Autoestimua indartzeko ezinbesteko tresna da, betiere adierazteko askatasuna badago. Bestalde, hezitzaile helduari hainbat ekarpen egiten dizkio. Batetik, haurraren diagnosi zuzena, gertatzen zaiona adierazteko tresna izugarri potentea da, naturalki eta presiorik gabe subjektua (haurra) inkontzienteki konprometitzen den arte noski. Bestetik, baloreak berridazteko oso tresna baliagarria da; genero ikuspuntuak berridazteko ipuinen bidez, topikoei astindu ederra emateko, … Esaterako, nik haurrei mundua hankaz gora jartzeko gonbitea luzatzen diet; batzuetan zentzugabekeriari lekua emateak haurrak/pertsonak bizitza plano arruntean errespetuz bizi eta modu malguagoan igarotzea laguntzen duela uste baitut.